Estrategiko akzio plana

Monte

Udalerriaren egungo egoera, bada, Diagnostiko Tekniko eta Subjektiboaren bidez jakingo dugu, eta hortik abiatuta egingo dugu Ekintza Plana geure herria zentzuz garatzeko eta aldi berean herritar guztien bizitza-kalitatea bermatzeko.

Ekintza Plana da prozesuko agiririk garrantzitsuena. Bertan ezarriko dira udalerriaren helburuak eta ildo estrategikoak, eta bai gauzatu ere, ekintza plan zehatzagoen bitartez.

Ordezkari politikoek, udal teknikariek eta udalerrian eragin berezia duten pertsonek osatutako lantaldearen bidez, eta Herritarren Partaidetzarako Taldeak egingo dituen proposamenen laguntzaz, horrelaxe definituko da Ekintza Plan Estrategikoa.

EKINTZA PLANAREN BURUTZAPENA

Ekintza Plana betetzeko orduan aintzat hartu behar dira Helburu Estrategikoetan ezarritako lehentasunak, kostua eta eskura dauden finantzabideak.

Gure udalerriari dagokionez, esan behar da Artea ez dela ezerezetik abiatuko, azken urteotan gure herrian ekimen interesgarriak garatzen ari baitira neurrizko garapenaren eremu honetan.

Aipagarriak dira ingurugiro-heziketaren arloko ekimenak, "Gazteria Europaren alde" egitarauan parte hartzen duten gazte bolondresekin, eta Naturgune Babestuetako Udalerrien Sarean gurekin senidetu diren herriekin egiten dugun gazte trukaketa, "Dulverton Proiektua" dela bide.

Gainera, gure udalerriak, Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailarekin lankidetzan, "jardunlekuak" kanpainan parte hartzen du. Kanpaina horretan hainbat herritako gazteek bidezidorrak atonzen dituzte naturguneetan eta Gorbeia Parke Naturalean.

Badago beste ekimen bat azpimarratu beharrekoa: saneamendu sarean egin diren lanak, udalerritik zehar doazen erreka eta ibaietara isurikinik ez botatzeko, eta edateko uraren hornikuntzarako tutu berria, San Cristobal araztegitik datorrena.

Azkenik, gogoratu nahi dugu Arteako Arau Subsidiarioak berrikusten ari direla eta ezin hobeto egokitzen zaizkiola neurrizko garapenari. Arauetan, batez ere, arretaz landu dira heziketa, etxebizitza eta ingurugiro egitarauak